(H)ISTORIEN MAPA

     

Ilustrazioak, audioak, argazki historikoak eta testuak harilkatuz, iraganera begiratu eta emakumeek Historian egindako ekarpena goraipatu nahi dugu paseo interaktibo hauen bidez. Egin klik, betaurreko moreak ipini eta goazen denboran atzera bidaiatzera!

oroimen haziak

Mende laurden pasatxo igaro da, 1996ko irailaren 8an 26 emakumek jaietan parte hartzeko eskubidearen alde Hondarribiko Kale Nagusiko atari batetik atera eta alardean sartzen ahalegindu zirenetik. Malkoz, irriz, beldurrez eta alaitasunez betetako mende laurden honetan hazi bat erein da.

Eskuartean duzun paseo interaktibo honekin Jaizkibel Konpainiaren, alarde parekidearen aldeko borrokaren eta Hondarribiko historiako bestelako egite historikoak ezagutarazi nahi ditugu, egindako bidea memorian gorde dadin.

Maria Jose Noain Maura eta Ilargi Bengoetxea Gartzia hondarribiar historialarien jakintzak bildu ditugu, Jaizkibel konpainiaren historia irudikatzen duten argazki gordinekin, zein Eider Eibar ilustratzaileak okasiorako egindako ilustrazioekin jantzi eta testuz, audioz, argazkiz, PDF dokumentuz eta ilustrazioz jositako mapa ekoiztu du Parean elkarteak.

Irungo emakume esanguratsu eta lanbideen paseoa

Aitzinean emakumeen esku zeuden lanbide eta egitekoak ezagutuz batetik, eta Irunen zeresana izan duten zenbait emakumeren biografia harilkatuz bestetik, historiara jauzi egin eta garai bateko Irun batean ibilbidetxoa egitera gonbidatzen zaitu ibilbide honek. Inude, urketari, poxpologile edota estraperlisten jarduna ezagutuz; jostunen, mandatugileen edo maistren egunerokoa ikusiz edota Dolores Salis, Mentxu Gal edo Julia Iruretagoienaren eskutik Irun zeharkatuko dugu. Goazen!

ALARDEAREN HISTORIA

25 urte joan dira emakumeok jaietan parte hartzeko dugun eskubidearen alde zenbait emakume Irungo alardean desfilatzen hasi zirenetik. Oraindik amaitu ez den borroka luzea izaten ari da; izan ere, hiriaren egun handian jendarteak bitan zatitua ospatzen du oraindik jaia. Alarde bakar eta parekidea lortu bitartean, bidea eta borroka ez da bukatuko, baina 25 urte hauek ez dira alperrik igaro eta gogorra bezain aberatsa izan den bidea ahanzturan geldi ez dadin, urte hauek emandakoa paseo historiko interaktibo batean bildu dugu.

hondarribiko paseoa

Hondarribian barrena egindako ibilaldi hau herri honen historiarekin zerikusia izan duten emakume guztiei egindako omenaldia da. Hamar baino ez ditugu aukeratu, gaurdaino iritsi diren dozenaka izenen artean, baina gai sorta bat azaldu nahian aukeratu ditugu. Sorginkeriaz, merkataritzaz, botereaz, arrantzaz, arteaz edota gerraz arituko gara, beti ere emakumeen ekarpenetik. Emakume bakoitza gainera, hirigune historikoko puntu bati lotuta agertzen da, emakumearen historia pertsonala indartuz batetik, eta oinez egin daitekeen paseo eder bat sortuz. Harekin gozatzea espero dugu!

Pribatutasun Politika

Lege Oharra

Cookie Politika

Pin It on Pinterest